
2008-04-29 | 17:19:12
Iñigo Aranbarriren 'Zulo bat uretan', euskarazko libururik salduena Donostiako Liburu Azokan
Zilarrezko Euskadi saria jasoko du idazle azkoitiarrak
Iñigo Aranbarriren Zulo bat uretan nobela izan da aurten Donostiako Azokan euskarazko libururik salduena. Horrenbestez, Zilarrezko Euskadi saria jasoko du. Haren atzetik Joxerra Gartziaren Jendaurrean hizlari kokatu da. Nolanahi ere, liburu saltzaileak kezkatuta agertu dira, apirilaren 23an, Liburuaren Egunean, Donostian egiten den azokan euskarazko gero eta liburu gutxiago saltzen direlako. Gaztelerazkoetan Carlos Ruiz Zafonen El juego del angel izan da salduena
2008-04-28 | 18:05:11
Azkoitiak Gipuzkoako Odol Emaile Elkartearen 'Zilarrezko Odol Tanta' saria jaso du
Urtean 1.000 biztanleko 50 odol emanaldi baino gehiago egiten dituzten udalerriei ematen diote saria
Gaur goizean Asier Aranbarrik, Azkoitiko alkateak, 'Zilarrezko Odol Tanta' jaso du Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen eskutik. Sari hau urtean mila biztanleko 50 odol emanaldi baino gehiago egiten dituzten udalerriei ematen zaie. Aurtengoan Azkoitia izan da muga hau gainditu duen herrietako bat eta Asier Aranbarrik ekitaldian eskerrak eman nahi izan dizkie odol emaile diren azkoitiar guztiei: "Harrotasunez jasotzen dut sari hau, beste behin ere, azkoitiarren elkartasun izpiritua islatzen duelako. Herritar askori esker odol emaileen bankua hazi egiten ari da eta hortan jarraitu behar dugu. Hemendik gazteak, batik bat, animatu nahiko nituzke odol emaile egin daitezen, hau baita odol emaile gutxien dituen taldea".
2008-04-21 | 14:33:44
Bihar abiatuko dira Floreagako XIX. Kultur Jardunaldiak
Apirila eta maiatza bitartean, hiru hitzaldi egingo dituzte On Bosco aretoan
"Azkoitia eta Urola bailara: etorkizuneko erronkak" izeneko hitzaldiarekin hasiko dira aurtengo jardunaldiak. Azkoitiko alkate Asier Aranbarrik eta Iraurgi Lantzeneko zuzendari Jesus Agirrek egingo dute lehen solasaldia. Maiatzaren 6an, asteazkenez, egingo dute bigarren hitzaldia. "Gipuzkoako Eliza: ekarpenak eta erronkak" gaiari buruz hitz egingo du Patxi Aizpitartek, Donostiako Bikarioak. Maiatzean, oraindik zehaztu gabe dagoen egun batean, Migel Indurain txirrindulari handiak bisitatuko ditu jardunaldiak, eta "El mundo del ciclismo" gaitzat hartuta, txirrindularitza zaletuekin elkartzeko aukera izango du.
2008-04-17 | 16:42:11
Baterak ez du parte hartuko Udaleko ezohiko bilkuretan eta kontseiluetan
Talde independienteak, Udal Gobernuaren jarrerarekin ados ez dagoelako hartu du erabakia
Batera Talde Independientea Azkoitiko Udal Gobernuaren jarrerarekin (EAJk eta PSE-EEk osatzen dute) ez dago ados, eta hemendik aurrera zer jarrera izango duen erabaki zuen atzo, ezohiko batzarrean. Udalean lanean jarraituko duela erabaki du Baterak, baina Udaleko ezohiko bilkuretara eta kontseiluetara ez da joango. «Batzarrean bi jarrera nabarmendu ziren taldeko kideen artean eta esan dezakegu erdibideko irtenbidea onartu zela», azaldu dute Baterako kideek. Talde independientearen batzarrean nabarmendutako jarrerak honakoak izan ziren: «Batetik, Udala utzi eta udaletxez kanpo lanean hastea eta bestetik, Udalean jarraitu baina ezohiko bilkuretara eta kontseiluetara ez joatea». Batzarkideek bi ikuspuntuak aztertu zituzten, «bakoitzaren alde onak eta txarrak aztertuz». Bigarren ikuspuntua nagusitu zen, baina udaletxean lan egiteko modua aldatuz. Baterakoen esanetan, erdibideko jarrera bat hartzeko erabakia hartu zuten.
2008-04-17 | 14:29:52
Merkatarien elkarteak logotipo eta izen berria aukeratu ditu
Maite Eizagirrek eta Ainara Elortzak irabazi dute irudi korporatiboa sortzeko ideien lehiaketa
Zakela eta poltsa izango dira gaurtik aurrera Azkoitiko merkatari elkarte berriaren irudiak. "Herrixen" hitzan bildu dute elkartearen izana eta honenbestez, elkartea identifikatuko duen irudi korporatiboa osatu dute. Ideia lehiaketa bidez zabaldu zuten izena eta irudia sortzeko aukera eta Ainara Elortzak eta Maite Eizagirrek irabazi dute 600 euroko saria eta oroigarria. 31 ideia aurkeztu dira lehiaketara eta guztiak, "maila onekoak" izan dira antolatzaileen esanetan. "Zaila izan da aukeratzea baina azkenean zakela eta poltsa irudikatzen dituen logoaren alde egin dugu, elkartearen izaera ondoen islatzen duelako", erantsi dute.
2008-04-14 | 10:59:10
Azkoitiko taldeak gailendu dira XXI. Xabier Sagarzazu Oroimenezko futbol txapelketan
Asteburuan jokatu dira partidak, Xabier Munibe Ikastolako jolastokian
"Lehia eta kiroltasun sanoa" izan dira nagusi, Floreagako Gurasoen Elkarteak antolatutako futbol areto txapelketan. Azkoitiko eta Azpeitiko lau ikastetxeetako taldeek parte hartu dute Xabier Sagarzazu Oroimenezkoan. Floreagako mutilek eta Xabier Munibeko nesken taldeak izan dira aurtengo txapeldunak. Futbol txapelketaz gain, hamaiketakoa eta Sagarzazuren aldeko meza ere izan ziren atzo goizean, Floreagan.
2008-04-10 | 15:18:07
Hilaren bukaeran hasiko dira bidegorriaren Jausoro eta Umansoro arteko zatia egiten
Hiru hilabete eta erdiz iraungu duten lanek 457.397 euroko aurrekontua dute
Hil honen bukaeran abiatuko dituzte Jausoro eta Umansoro arteko bidegorriaren zatia egiteko lanak. 300 metroko luzera izango duten tartearen obrak esleituta daude dagoeneko eta hiru hilabete eta erdi barru bukatuta egongo direla aurreikusten du Udalak. Gipuzakoako Foru Aldundiak finantziatuko ditu lanak, 457.397 euroko inbertsioa eginda. Izan ere, Azkoitiko bidegorria Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planaren baitan dago.
2008-04-09 | 17:08:41
Haur eta gazteen liburu eguna ospatuko dute, larunbatean, Kontzejupen
Udaletxe azpia liburutegi bihurtuko da 'Eskuz esku!' liburuen truke azoka egiteko
Gazte Informazio Bulegoak, Abarketatxo Ludotekak eta Aizkibel Udal Liburutegiak antolatuta, Haur eta gazteen liburu eguna ospatuko da larunbatean, apirilaren 12an. Horretarako, liburu trukaketa azoka egingo dute Kontzejupen. Aizkibel liburutegia udaletxe azpira, Kontzejupera, aldatuko da egun batez. 11:00etan hasi eta 13:00etara bitartean, 'Eskuz esku!' izeneko ekimena egingo dute. Parte hartuko duten haurrek marrazkiak egiteko aukera izango dute bertan, eta, trukean liburuak jasoko dituzte. Azken hiru urtetan antolatu duten egitasmo honen bidez, umeen irakurtzeko zaletasuna eta liburu trukaketa bultzatzea nahi dute arduradunek.
Zinema
'Los falsificadores'
AZKOITIA, Baztartxo - 2008-05-18
Jaiak
Herri Jaiak 2008
AZKOITIA, - 2008-05-18
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.