
2008-07-21 | 18:19:32
Plaza Ondo Jubilatuen Elkarteak eta Udalak 90 urteko 19 herritar omenduko dituzte
Abuztuaren 17an haien omenezko bazkarian parte hartzeko txartelak salgai dira
Urteroko andramaixetako usadioari jarraituz, Plaza Ondo Jubilatuen Elkarteak eta Azkoitiko Udalak aurten 90 urte betetzen dituzten herritarrak omenduko dituzte. Aurten, 19 azkoitiarrek jasoko dute omenaldia, 17 emakumezko eta 2 gizonezko, hain zuzen ere. Abuztuaren 17an Kiruri jatetxean egingo duten lagunarteko bazkarian parte hartu nahi dutenek txartelak dagoeneko salgai dituzte, 31 eurotan. Elkartearen egoitzan salduko dituzte txartelak, astelahenetik ostirala bitartean, 10:00etatik 12:00etara. Omenduen zerrenda honetatik aparte 90 urte bete duen beste herritarrik balego, haren berri izatea eskertuko luke elkarteak, 943 852168 telefonora deituta.
2008-07-18 | 11:42:09
Lan istripuak salatzeko elkarretaratzea egin dute
Asteartean hil zen langile azkoitiarra izan dute gogoan
Ezker abertzaleak deituta, ordu erdiko elkarretaratzea egin zuten, atzo, herriko plazan. "2008an, Euskal Herrian 53 langile erailak, azkena Juan Migel Martinez azkoitiarra eraikuntzan lanean ari zela", adierazi zuten irakurritako komunikatuan. "Lehenbizi gure doluminak Juan Migelen senideei. Patronala eta Administrazioak dira hemen gertatzen diren langileen heriotza guztien arduradunak, prekarietate gordinera eta segurtasun faltara kondenatu nahi gaituztelako", jakinarazi zuten. Senideei babesa emateko eta patronalari ardurak eskatzeko Udalean mozioa aurkeztuko dutela iragarri du Azkoitiko ezker abertzaleak. Istripuek suposatzen duten lakra sozialarekin amaitzeko, ezkerreko eredu sozial alternatibo baten alde borokatzera deitu dituzte herritarrak.
2008-07-17 | 16:54:21
EAJ-PSE koalizioari "errespetua" eskatu diote ezker abertzaleko zinegotziek
Udal Gobernuak lana "zailtzen" dietela salatu dute agintaldiaren urtebetearen balorazioa egiterakoan
Azkoitiko Udalean bizi dituzten "gorabeherak" eta hainbat alorretan ematen den politika gogor kritikatu dute ezker abertzaleko bost zinegotziek. "Benetan zaila jartzen ari zaizkigu lana egitea", esan zuten atzo egindako agerraldian. "Errespetua eskatu baina beraiek errespeturik batere izan gabe tratatzen gaituzte", adierazi dute. Udalaren funtzionamenduan dauden gabeziak eta koalizioaren "hegemoniak sorrarazten dituen gehigikeriak" salatzeaz gain, hainbat sailetan dauden arazoak zerrendatu dituzte. Udal Gobernu taldeak informazioa gordetzen duela, agintariak mantentzen %50 gehiago gastatzen dela, etxebizitza politika berdinarekin jarraitzen dutela eta berdintasun, etorkinen eta euskara batzordeak funtzionamendu "eskasa" dutela azpimarratu dute. Bestalde, Azkoitia Lantzen erakundearen funtzionamenduak mesfidantza eragiten diela azaldu dute.
2008-07-16 | 14:55:50
Estatua geratuko da diruarekin, Pilar Eliasi emandako kalte-ordainaren ordainetan
Auzitegi Nazionalak enkantean jarri du, gaur, Kandido Azpiazu ETAko kide ohiaren kristaldegiaren %50a. Enkantea Azpeitiko 1go Epaitegian izan da eta Auzitegi Nazionaleko Lehen Sekzioak kudeatuko du, horrela, salmentarekin lortu duten dirua kontuan sartuko dutela bermatuz. Lortutako dirua Azpiazuri hilketaren ondorioz agindu zioten erantzukizun zibila ordaintzeko erabiliko dute. Dendaren beste %50a Azpiazuren emaztearena zen. Enkantearen hasierako prezioa %70ean gainditu du Milagros Altunak, Kandido Azpiazuren emazteak. Guztira, 46.438 euro ordaindu ditu Altunak, 22.575 euro lokal txikiagatik eta beste 23.863 lokal handiagatik.
2008-07-16 | 12:11:02
Azkoitiko musika taldeek diskoa kaleratu dute
Ostiralean aurkeztuko dute Matadeixen egingo den kontzertuan
Azkoitiko hainbat musika talde elkartu eta disko bikoitza plazaratu dute, "Azkoittiarrok auzolanin maketie' izenburupean. Ostiral gauean, 21:00etan, kontzertua izango da Matadeixen, diskoa aurkezteko. Bederatzi talde arituko dira zuzenean: Mallukie, the Fevers, Os Gallardos, Deficiencia Mental, the Sugarballs, Fimosis, Aldexok, Botapa eta Testiculos de Jeova. 10 euroren truke, sarrera eta bi diskoak jasoko dituzte Matadeire kontzertura joaten diren entzuleek.
2008-07-15 | 15:18:53
Azkoitiar bat hil da, Eibarren lanean ari zela, 25 metrotik erorita
43 urteko J.M.M.C. gizonezkoa da hildakoa
Eibarko Alfa zeneko enpresan, San Andres paseolekuan, eraikuntza lanetan zebilen lan istripuan hildako azkoitiarra. Dumper bat gidatzen ari zela jausi da. 12:05ean izan da ezbeharra. LAB sindikatuaren arabera, aurten Euskal Herrian lan istripuetan hil den 51. langilea da gaurkoa.
2008-07-10 | 14:50:40
Pedro Yrizarrek euskal aditzari eskainitako lan osoaren azken liburua aurkeztu dute
Euskaltzaindiak argitaratu du hizkuntzalari azkoitiarraren bilduma
Andres Urrutia euskaltzainburuak, Jose Luis Lizundia diruzainak, Koldo Artola ohorezko euskaltzainak, eta Yrizarren semeek, Iñigok eta Pedrok, aurkeztu dute liburua, gaur, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Liburua Pedro Yrizar izan zenaren 'Morfología del verbo auxiliar' liburu sortaren azken emaitza da: hamabosgarren liburua. Liburu horietan guztietan euskal aditz laguntzailea bere azterketaren oinarri izan zuen Yrizarrek.
2008-07-08 | 17:24:06
2010ean Oinartxon ezarriko dute Berrigunea
Hainbat erakunde, enpresa eta eragileren elkarlanarekin egingo dute Urola Erdiko Berrikuntza Gunea
2010. urtean Oinartxo industrigunean kokatuko da Urola Erdiko Berrigune-Berrikuntza Gunea, eskualdeko enpresa txikietara eta ertainetara berrikuntzaren kontzeptua eraman eta sustatzeko asmoarekin. Gipuzkoan aitzindaria izango den gunea Innobasque egitasmoaren baitan kokatzen da. Berrikuntza teknologikoa euskal gizartean eta produkzio sarean ezartzea da Innobasquen helburu nagusia. Hainbat erakunde dagoeneko hasi dira proiektuan lanean. Besteak beste, Deustu eta Mondragon unibertsitateak, Orkestra (Lehiakortasunaren Euskal Institutua), Compañia Ibermatica, eta Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza ari dira elkarlanean proiektua bideratzen. Azkoitiko Udalak joan den otsailean sinatu zuen Oinartxoko Industrialde berria egiteko hitzarmena. Guztira, 17 milioi euroko inbertsioa egingo dute Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azkoitiko eta Azpeitiko udalek. Gaur egun Insausti industrialdean dauden enpresez gain, kanpoko zein herriko beste hainbat enpresa bilduko ditu industrialde berriak.
Ikuskizuna
Uda Giroan
AZKOITIA, Balda Plazan - 2008-07-26
Dantza
Nazioarteko VIII. Folklore jaialdia
AZKOITIA, Balda Plaza - 2008-07-27
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.