Anaitasuna eskola futbola eskaintzen hasiko da, haurren zaletasuna pizteko

2012/10/09
Nork

Lagun Onak taldeko futbol eskolako neskek igandean hasi zuten denboraldia, eta mutilen txanda aste honetan izango da (Argazkia: Lagun Onak Futbol Taldea)

Azkoitiko Anaitasuna Futbol Taldeak haurrentzako eskola futbola eskainiko du lehenengo aldiz. Herriko futbol taldean aritzeko gutxieneko adina ez dutenek hartuko dute parte zerbitzuan, eta haiengan zaletasuna piztea da asmoa. «Futbolean lehenagotik ikas dezaten eta kirol horrekiko ilusioa izan dezaten antolatu dugu eskola futbola», adierazi du Mikel Arregik, Anaitasunako kirol zuzendariak. Halaber, inguruko joerak bultzatuta antolatu dute zerbitzua, eta honen bidez herriko futbolariak aurrera begira Anaitasunan egotea nahi dute antolatzaileek. «Ikusi dugu dagoeneko ia klub gehienek antolatzen dituztela halako eskolak, eta Gipuzkoan zerbitzu hori eskaintzen ez zuten talde bakarrenetakoak ginen orain arte. Horrez gain, zerbitzu hau gabe azkoitiarrak beste klubetara joan izan dira hainbat alditan, eta, beraz, bertakoak Anaitasunatik kanpo gera daitezke. Hori saihestu nahi dugu».

Hamar urteko neska-mutilek baliatuko dute zerbitzua estrainekoz. Izan ere, alebinen maila izan ohi da klubetako aurreneko taldea, eta aurtengo denboraldian maila horretan «ume gutxik» eman dutela izena adierazi du. Aurrera begira, hori saihestu  eta haur gehiago elkartera erakartzeko tresna «egokia» dela uste du Anaitasunak. «Halako herrietan urtez urte aldatu egiten da futbolarien parte hartzea, eta aurten jende gutxi agertu da. Halakorik ez dadin errepikatu egingo ditugu saioak». Era berean, maila horretan izaten diren «gabeziak» hobetzeko erreminta dela irizten dio Anaitasunako kirol zuzendariak. Izan ere, «Anaitasunara sartu aurretik, futboleko oinarrizko teknikak» ikasiko dituztela adierazi du Arregik, eta bide batez, elkar ezagutzeko aukera ematen duela azpimarratu du.

Dagoeneko osatu dituzte taldeak, eta antolatzaileek adierazi dute hasiera batean uste zutena baino harrera hobeagoa izan duela ekimenak; izan ere, 41 mutilek eta 21 neskek eman dute izena, eta horiek San Juan futbol zelaian egingo dituzte entrenamenduak, eta talde batekoek nahiz bestekoek arduradun bana izango dute. Halaber, Anaitasunak astero eskainiko ditu eskola futbolak, eta aste batean nesken txanda izango da, eta hurrengoan mutilena.

Antolatzaileek joan zen ostegun iluntzean egin zuen bilera aurkezpena gaztetxoen gurasoekin, eta egitasmoaren nondik norakoak azaldu zizkieten bertaratu zirenei. Besteak beste, Anaitasunako kideek adierazi zuten eskola futbolean arituko diren umeek, entrenatzeaz gain, hainbat partida jokatuko dituztela gainontzeko herrietan aritzen direnekin. Halaber, Anaitasunak zabaldu nahi dituen «balioak» azaldu dituzte. «Azken urteetan zabaldu nahi izan dugu jokalariek errespetuz jokatu dezatela futbolean, eta jarrera hori erakutsi dezatela aurkariekin eta azpiegiturekin, besteak beste».

Azpeitian, denboraldia hasita
Azpeitian, aurretik ere egin izan dituzte futbol eskolak, eta hain justu, Lagun Onak futbol taldeak herenegun hasi zuen Futbol Eskolako denboraldi berria. 09:30ean elkartu ziren, eta orduan nesken txanda izan zen. Taldeak adierazi du umeek «ilusioz» ekin diotela saioei, eta «giro ederrean» aritu ziren futbolaren hastapeneko trebeziak ikasten. Datorren igandean, berriz, mutilak hasiko dira futbol eskolarekin. Azpeitiko futbol eskolan 2001 eta 2004. urte artean jaiotako ia 200 ume aritzen direla jakinarazi du Lagun Onak taldeak. Kopuru hori, Azpeitia gisako herri baterako «ikaragarria» dela deritzo futbol taldeak.

Etiketak: , , ,

Gaurko eskaintza
argazkia
Up Digital
99,00 €

Berriketan.info

Viewing item 1 to 5 (of 5 items)